Gutun irekia Ordiziako alderdi politikoei

Zer egingo duzue Ordiziako desoreka bideratzeko?

Eskola Publikoak Ordiziako udal hauteskundeetan aurkezten diren alderdi politikoei eskatzen die, herritarroi argi azal diezagutela Ordiziako ikastetxeetan familien jatorriaren, egoera sozioekonomikoaren eta euskararen ezagutzaren baitan dauden desoreka larriak bideratzeko zein egitasmo duten.

Ordizia da Euskal Herriko migrazio tasarik altuenetarikoa duen herria. Gure herritar diren bost pertsonetatik batek jatorria atzerrian du. Egoera hau ongi kudeatzea funtsezkoa da herritarron arteko elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, aniztasuna, inklusioa eta euskalduntzea bermatzeko.

Haur eta nerabeentzat eskola da sozializazio eremu nagusienetarikoa. Ordizian, ordea, ikastetxeen artean desoreka oso handiak daude ikasle familien jatorriaren baitan, hauen euskara ezagutzan eta zein egoera sozioekonomiko duten. Jatorriaren baitako desoreka ehuneko 31,5 puntukoa da. 25,5 puntu hazi da azken 8 ikasturtean, boskoiztu, alegia.

Eskola bakoitzeko familien euskara ezagutzan ehuneko 48 puntuko desoreka dago. Eta behar sozioekonomikoak dituzten ikasle eta familia ia guztiak Eskola Publikoan daude. Egoera larri honen aurrean Eskola Publikoaren komunitateak proposamen zehatz eta argiak egin dizkiegu Ordiziako alderdi politiko ezberdinei. Modu berezian, Eusko Jaurlaritzarekin batera, landu ditzatela Ordizian eskolaratze orekatu bat emateko beharrezko neurriak. Hala nola:

  • Eskola Publikoa lehenestea eta Jakintza Ikastolaren lerro eta ikaspostu kopurua mugatzea eta inola ere ez handitzea. Izan ere, hau gertatuko balitz, desoreka modu ia itzulezinean handituko bailitzateke.
  • Egungo lerro eta ikaspostuak mantenduta, familien jatorriaren, euskara ezagutzaren eta egoera sozioekonomikoaren baitan ikasleen banaketa orekatua bermatuko duten neurriak hartzea.
  • Honek guztiak eskatzen dituen baliabideak eta neurri bereziak abian jartzea.

Honi lotuta, eskolaz kanpoko jardueran edo aisialdian aniztasuna, elkarbizitza eta inklusioa bermatzeko neurriak ere hartu behar direla deritzogu. Aurrez esandakoari heldu gabe, ordea, eskolaz kanpo hartzen diren neurriek apenas izango dute eraginik herriko desoreka larrian.

Hurrengo lau urteetan gure herriko norabidea markatu eta, besteak beste, egoera hau kudeatzeko ardura izan nahi duten alderdiei zera eskatzen diegu: Ordiziako oraina eta geroa horrenbeste baldintzatzen duen errealitate honen aurrean beraien proposamena zein den argi azal diezagutela herritarroi. Herriko elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, aniztasuna, inklusioa eta euskalduntzea ditugu jokoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude